Thursday 26 April 2012

«Espainian lan egiteko ez da ingelesik behar; askoz beharrezkoagoa da euskara»


Juan Carlos Moreno, hizkuntzalaria.



'Hizkuntz espainolismoa' zertan den eta euskara zein euskaldunak menpean edukitzeko zein mito erabiltzen dituen azalduko du Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunak, gaur, Iruñean.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoan katedraduna da Juan Carlos Moreno Cabrera (Madril, 1956). Unescorentzat Munduko Hizkuntzen Txostena (2005) idatzi zuen zientzialari taldeko kidea izan zen. Imperio de la lengua común: claves del españolismo lingüístico hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Azken urteotan, euskararen zapalketari eusten saiatzen ari dira, gaztelera «hizkuntza komun» gisa aurkeztuta. Zertan bereizten dira argudio hori eta orain arte erabilitakoak?

Ez da oso ezberdina, alde ekonomikoa erabiltzen duela, besterik ez. Espainolismoak gaztelera garapen ekonomikoarekin eta merkatuekin lotzen du. Beste hizkuntzak, berriz, garestiak dira, ekonomia atzeratzen dute eta horietan gastaturiko dirua alferrik galtzen da. Garai honetan merkatuen eta inperialismo kapitalistaren ideiak dena inbaditzen du, eta horren aurka ez denez ia inor mintzo, zoritxarrez, ideologia nazionalistak argudio hori erabiltzen du, hizkuntzok indartzea galarazten saiatzeko.

Nola egin aurre argudioari?

Historiarekin. Gaztelera hizkuntzarik erabiliena bihurtu da mendeetan inposatu egin dutelako. Beraz, ezin duzu ukatu gaztelera erabiliena dela, hori hala delako, baina uka ditzakezu hortik ateratzen dituzten ondorioak. Egoera hori inposizio historiko baten ondorioa da, eta hortik ezin da ondorioztatu gaztelera berez hizkuntza hobea denik, edo ahalmentsuagoa, edo demokratikoagoa edo elkar ulertzeko hizkuntza dela... Hor dago manipulazioa.

Kontrara, hizkuntzen ekologia ideia indarra hartzen ari da. Eraikitako kontsentsuak berriz aztertzera behartuko gaitu horrek?

Hizkuntz komunitateetan mintzatzen dira hizkuntzak. Horietan harreman ekonomiko, politiko eta ideologikoak ezartzen dira, eta horiek eragin handia dute hizkuntzetan. Gizarteotan hizkuntzek duten lekua aztertzen du hizkuntzen ekologiak. Agintariak urduri jartzen dira horrekin, azken batean, finantza kapitalaren zerbitzura daudelako. Ekologiarekin eta ingurumenarekin bezala, ez dute interesik horretan, euren interes pribatuak defendatzen dituztelako, populazioa, oro har, pobretuko bada ere.

Euskararen kontra harroputz dabiltzan asko, gero umil ibiltzen dira ingelesaren aurrean.

Ingelesarenak oso ongi erakusten dizkigu menpekotasun mekanismoek nola funtzionatzen duten. Jendea konbentzitu dute ingelesa espainiera baino askoz hobea dela. Ingelesa ez jakitea defizit handi gisa sentitzen da, beraz. Euskara eta espainieraren arteko harremanak berdin funtzionatzen du: euskaldunek defizit moduan sentitzen dute espainieraz ez jakitea, baina erdaldunek euskaraz ez jakitea ez dute defizit moduan sentitzen. Ideologia inperialista da.

Mekanismo hori erabiltzen ari dira, ingelesaren bidez euskarari orduak kentzeko irakaskuntzan. Zer deritzozu?

Inork ez du protesta egiten ingelesa inposatzen diotelako, jendea konbentzitu dutelako beharrezkoa dela. Espainian lan egiteko ez da beharrezkoa ingelesa; askoz beharrezkoagoa da euskara. Gure unibertsitatean ere ikastaroen programak ere espainieraz eta ingelesez daude. Baina horko ingelesa izugarri txarra da, eta edozein ingelesdunek barre egiten du. Barregarri geratzen ari gara, jaun-andereok!

No comments:

Post a Comment