Thursday 28 March 2013

«Ez dugu gizartea aldatuko troll lanaren bitartez, baina teknika eraginkorra da»




Salva Cardus, sare sozialetan aditua. 


'Troll' esaten diete Interneten zirikatzen dabiltzan pertsonei. Trollean aritzea arma politiko gisa erabiltzen irakasteko bi eguneko 'Ikastrolla' antolatu dute Gernikan, bihar eta larunbaterako.
Salva Cardus (Bartzelona, 1973) aditua da gizarte sareetan. Interneten troll izateko eta hori arma politiko bihurtzeko ikastaro libre eta irekia antolatu du bihar eta larunbaterako, Gernikako Astran (Bizkaia). Egitaraua www.astragernika.net webgunean dago. (Oharra: pertsona hau troll lanean ari da, beraz, litekeena da bere buruaz ematen dituen datuak (izena, jaioterria eta jaiotze data) asmatutakoak izatea, nahasteko asmoz. Bidali duen argazkia, hasteko, "faltsua" da. Argitaratzea erabaki dut, trolltasunak ezartzen dituen baldintzak onartuta, trollak fenomeno bat direlako, eta honek dioenak balio duelako haien ikuspegia eta arrazoiak ulertzeko. Uste dut, gainera, irakurleek argi izango dutela trollekin ez dagoela fidatzerik, definizioz).



Benetan ikas daiteke trolla izaten, edo berezko dohain bat da?

Probokatzea edo trollean aritzea berezkoa da. Guri interesatzen zaizkigun kultura politiko guztiek izan dute probokazio alde bat, 1970eko kontrakulturetatik punkeraino. Teknologia berriek erraztu egiten dute probokazio molde bat, eta, horretarako, teknikak ikas daitezke, eta hobetu.

Trollean aritzea «arma politiko» gisa erabiltzen irakatsi nahi duzue. Arma politiko eraginkorra dela uste duzu?

Zalantzak ditut, baina eragina izan duten adibide batzuk badira: Pentagonoak, esaterako, trollean aritzeko kanpainak antolatu ditu Venezuela eta Latinoamerikaren kontra. Txinako hacker-ak AEBen aurka ibili dira. Beraz, gu baino askoz indartsuagoa den jendeak uste du trollean aritzea arma politiko eraginkorra dela. Guk uste dugu gizarte mugimenduek ere badutela gizarte sareetan aritzerik ezohiko moldetan. Hainbat pertsonaia politikoren edo erakunde boteretsuen Twitterko soslai faltsuak sortzea, adibidez, teknika ona da iritzi bat sortzeko. Gizartea ez dugu aldatuko trollean arituta, baina teknika eraginkorra da gizarte mugimenduentzat.

Etikoa al da norbaiten izenean aritzea, soslai faltsu baten bitartez?

Troll eta probokazio mota asko daude Interneten, baina, nire ustez, muga honetan datza: etikoa da azpikoak goikoen aurka trolleatzea, eta ahal dituzten tresna guztiak erabiltzea goikoek sortzen dituzten bidegabekeriak agerian uzteko. Ez da etikoa botere handia duen norbaitek teknika hauek erabiltzea botere gutxiago duenak are gehiago menperatzeko. Trollean aritzeak beti behetik gora joan behar du, inoiz ez goitik behera. Internet Mendebalde Basatia bezalakoa da, baina, lehen aldiz, indioek cowboy-ek baino askatasun handiagoa dute, abantaila dute, hango jarduera ez delako ondo moldatzen erakundeen hizkera zurrunera.

Pentsatu bai, baina jendaurrean esango ez lituzketenak tuitak idazten dituzten politikarien soslai faltsuak daude, baita hildakoak berpizten dituztenak ere —@aranagoiri kasu—. Trollen tipologia azalduko duzue?

Bada euren benetako izen-abizenekin trolean aritzen den jendea, eta horietako bat, @robertoherreros musika kazetaria, Ikastrollan izango dugu. @masaenfurecidaz hitz egingo dugu, baina inor ez da agertuko ikastaroan esaten «neu naiz @masaenfurecida». Soslai batzuek badakite eztabaidaren zentroan jartzen. Euskal Herrian, esaterako, Twitter politikarako erabiltzen dutenek @aranagoiriri jarraitzen diote. Erakutsiko ditugun teknika eta trikimailu batzuk ez ditugu argitaratuko; ikastarora doazenek entzungo dituzte, Twitter eta Facebookeko zentsurari nola aurre egin, esaterako.

Troll lana Europako Troikaren aurka eta Euskal Herriko bake prozesuaren alde erabiltzeko helburua duzue. Nola egingo duzue?

Saiatzen ari gara Italian eta Grezian dabiltzan trollekin harremanetan jartzen, Europako hegoaldean edo PIGS deituriko herrialdeetan erreakzio troll bat sor dadin. Bake prozesuarena probokazio txiki bat da, ikusmina sortzeko, baina oraindik ez dakigu nola erabili horretarako.

2 comments:

  1. Bai nik eta bai Josu Lezametak truke deserosoren bat edo beste izan dugu Ikastrolla delako antolakuntzarekin, edo haien Twitterreko kontuarekin.

    Itxura batean, gaztelaniazko mintegi bat antolatu zen Gernikan, eta Kataluniatik etorri zen aditu hau bere jardun eta ideien berri ematera. Oso ondo. Kataluniako eta atzerriko beste hainbat tokitako adituak etortzen dira erdarazko ebentoetara, eta askotan honetaz edo hartaz haiekin ikasteko aukera dugu eleanitzok ere.

    Baina bada esparru bat, non kanpoko lezio zenbait apur bat sobera dauden. Komunikazioaren esparruan, adibidez, kontuz lezioekin. Esate baterako, pasarte hau, zeinak amorrua eman zidan: "Soslai batzuek badakite eztabaidaren zentroan jartzen. Euskal Herrian, esaterako, Twitter politikarako erabiltzen dutenek @aranagoiriri jarraitzen diote". Analisi elebakar batetik bakarrik daiteke bat konklusio horretara, erdaraz jarduten duelako aranagoiri delako horrek, eta hortaz eztabaidaren zentroan jartzea erdaraz jardutea bezala ulertu beharko dugu gero. Euskara barik abiatzen bazara analisi komunikatiboan, hori ez da analisi komunikatibo bat herrialde elebidun honetan, zapalkuntza linguistikoaren jarraipena bakarrik izan daiteke.

    Eztabaidaren zentroa gaztelaniaren inguruan bakarrik uler dezake erdaldun honek, eta putaidearik ere ez dauka euskaraz politikaz tuiteatzen dugunaz, zer den guretzat zentroa edo/eta periferia. Abiapuntu horretatik, presuntzio ezjakinetik, ez dut leziorik onartzen. Konta diezagula bere esperientzia, bere herrikoa, baina ez diezagula "geurea esplikatu", hala nola Gizon Jakintsuak M'Ongolori.

    Kataluniara joan eta bertako komunikazio politikoaz jarduteko ausardia, katalana txintik jakin barik? Pentsaezina, ezta?

    ReplyDelete
  2. Ados diozun guztiarekin, baina kontuz, errealitatea are okerragoa izan daiteke. Trollez ari gara, ez eman ziurtzat esaten dizun ezer, ez izena, ez jaioterria ez jaiotze data... Argazkia, hasteko, "faltsua" da. Nola onartu dut nik, orduan, hori argitaratzea? Nire ustez argi geratzen delako trolla trolla dela, eta (ematen dituen datuez aparte) esaten dituenak baliokoak direla uste dut, horiekin ados egon edo ez. Trollaren baldintzak onartzea besterik ez nuen, elkarrizketa egin ahal izateko. Beraz, troll honekin eztabaidatzea, @masaennfurecida-ri haserre erantzutea bezalakoa da.

    Eta zergatik diot errealitatea okerragoa izan daitekeela?: susmoa dudalako "Salva Cardus" izena erabiltzen duen troll hau euskal herritarra dela. Beraz, euskararen gaian uste baino penagarriagoa da kontua.

    ReplyDelete